XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ez zirudian, neskatxak bere, lotsorra.

Eragina zirudian, eta bakarrik izan arren, bere antzora ta eskura ibilteko modukoa.

Oraingo neskatila kirolzaleak ohi diranetarikoa, gertua, ausarta, bipila, edozertarakoa.

- Zera, zegan dituzue txirringutsok?.

- Zein dan, zenbat denporarako dan.

Esaterako, nesken bizikletak, apurtxu bat karuago ditugu.

- Eta zegaitik hori?.

- A! Zer esan bakoa! Barriago diralako; dotoreago bere bai.

- Tira ba; orduan, hauxe aukeratzen dot.

Balazta onak al ditu?.

- Bai.

Eta zera, ba al dakizu zeuk jakin, ibilten? - itandu eutsan lantegijabeak Garbiñeri.

Han egoan albo batean isilik Nikanor; tornilluan, gurpilaren radio batzuk zuzenduten ziharduan, ta bestela baitakoan, neskatxa galantari begira.

- Ez dakit ba, ondo; ta horregaitik jakin nahi dot balazta onak dituanentz.

- Orduan... nahi baldin badozu, ta bada ezpadan, mutiko honek lagundu leizu, jesarlekutik oratuaz.

- A, bai.

Ederto.

Hoba izango dot.

Zer dau nahiago itsuak, ikustea baino? - esan ohi danez.

Nikanorrek agin artean txistu-oska hasteko eretia ta gogoa agertu eban.

Ugazabak, txirringutsa eskegita egoan tokitik eratsi eban, ta neskatoaren aurrean egin eutsazan bizikleteari ikutu batzuk, zuzen-kirtenetik esku biakaz heldurik azkenean, ibilpidea bere, artez egoala ziurtu nahirik.

- Ikusten? Balazta geldigarriak egoki daukaz.

Artean, Nikanorrek, uragaz arpegia ta buruko uleak busti zituan, ta dirdiraz jarri eban burua, lehenago legor ta erdi nahastaurik eukazan buruko uleai orraztu antza emonaz.

Urten eban olabe haretatik Garbiñek, mutikoa atzetik ebala.

Nikanorrek eroian burpilbikoa, kirten-adarretik eutsita.

Bide zabalaren erdira heldu ziranean, beribil astunen bat ala idi-buztarriren bat ete etorren begiratu ostean, iragarri eutsan Nikanorrek:(...).